XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eskandalurik eta egonezinik gabe, haren beharra itzali egin zen.

Izeba Montserrat behin ezkondu eta bere etxera joan zelarik, aita eta biok ordurako hezur eta mami bezalakoak ginen eta ongi ikasita geunden etxeko lanetan.

Garai hartan nik bederatzi urte nituen eta adin hartan dagoeneko ohea egiten nuen, gauzak beren lekuan jasotzen nituen, erosketak egin, platerak garbigailuan utzi eta horrelakoak.

Aitak gainerako lanak egiten zituen, garbiketa potoloa izan ezik, hura Rosa izeneko andre mardul batek egiten baitzuen.

Astean bitan etortzen zen andre hura eta, harro-harro diot, beti aho bete hortz gelditzen zen gure etxeko garbitasuna ikusita.

Bizimodu apal eta atsegina zen gurea.

Aitak lan-ordutegia moldatu zuen ni etxean bakarrik inoiz ez gelditzearren eta ni, klaserik ez nuen arratsaldeetan, tenisean ibiltzen nintzen aitarekin edo bestela footing pixka bat egiten genuen.

Larunbatetan izeba Montserrat eta bere senarra, osaba Ramon, bazkaltzera etortzen ziren eta bazkalondoan pare bat ordu ematen genuen kanastan, horixe baita, oraindik ere, denbora luzean distraitzen nauen karta-joko bakarra.

Igandeetan, berriz, berandu jaiki eta etxetik kanpora bazkaltzen genuen, beti ere leku desberdinetan.

Kotxea hartuta bidean aurrera jotzen genuen nora ote gindoazen garbi jakin gabe.